Aiert Lizarralde: “Udalak lagatzen digu iritzia ematen, baina gero ezin izaten dugu erabakirik hartu”

AierLizarralde copia_content

ALKATEGAIAK EZAGUTZEN | Mekolalden auzo ordezkari ibili da azkeneko hamar urtetan. Horrek eman dio udal politikagintza zertxobait ezagutzeko aukera Bergara Irabaziren zerredanburu Aiert Lizarralderi (Bergara, 1974). Horregatik, agian, adierazten du parte hartzea erabakiak hartzea dela, alegia, “politika erabakitzailea izan behar dela, ezin dela ordezkatzailea bakarrik izan”.

Equo alderdiko kide zarela badakigu, baina zerk eraman zaitu Bergara Irabaziko zerrendaburu izatera?

Mekolalde auzoko ordezkari gisa aritu nintzen artean Victoriano zela Bergarako alkate. Gero ANV sartu zenean udalean esperantza handiak nituen gauzak aldatzera joko zutelako. Baina sekulako desengainua hartu nuen eta erabaki nuen gustuko alderdi baten bila hasiko nintzela. Berdeak alderdian hasi nintzen eta handik bi urtera Equo bihurtu zenez, han lanean hasi nintzen ikusi bainuen nire pentsamolde bereko jendea bazegoela han, gauzak bene-benetan aldatu nahi zituena, oso gertukoa eta adostasunera heltzeko prest. Harritu egin ninduen onerako Equoren programak, iraultzailea zelako eta errealitatearekin benetan bat zetorrena. Kuriositatez sartu nintzen, baina berehala engantxatu ninduen. Euskal Herriko mahaikide izatera iritsi nintzen. Kontua da herritarrengana heltzeko baliabide gutxi genituela eta alderdi handiei kili-kili egiteko oinarri sendoa behar dela eta horregatik hasi ginen Ezker Anitzarekin hartu-emanetan.

Eta, handik bueltan etorri zitzaizun zerrendaburu izateko eskaintza?

Harremanak estutzen joan ginen eta iritsi ginen Irabazi sortzera, Bartzelonan Ada Colauk sortu zuen Ganem mugimenduarekin bezala, Bergaran ere Ezker Anitzak, Alternatiba Republicanak, Equok eta Ahal Dugu-ren bueltan dagoen jendeak osatu dugun koalizioa. Gurea ekologia politikoa da ehuneko ehunean, eta horrek erakartzen nau. Pertsonak ingurumenari lotuta gaude.

Baina, nola aukeratu duzue zerrendaburua?

Egia esateko sorpresa handia izan zen. Nik neuk lanerako sekulako gogoa daukat eta hala adierazi izan dut beti. Egia da Irabaziren komunikazio ardura hartu nuela eta baita koordinazio lana ere. Baina hortik eta jendea esaten hastera hautagai izateko egokia nintzatekeela ba, badago tartea! Urte batzuk barru politikan jauzi nabarmen bat egiteko nire momentua iritsiko zela argi neukan, baina ez nuen espero orain izango zenik. Azkenean, animatu naiz eta onartu dut erronka.

Aizu, eta lagunartean zer? Zer esan dizu zure inguruko jendeak?

Lagunek?! Adar jotze, baina handiak gainera, egiten dizkidate! “Ikusiko duzu dirua ikusten duzunean, ustel bihurtuko zara” eta antzeko gauzak esaten aritu zaizkit, barre artean. “Biba el alcalde” esan didanik ere bada; txantxa ugari lagunen artean.

Lagunartea ez da politikara hurbildu, ala?

Bai, batzuk izan badira Bildugandik oso gertu daudenak eta whatsappean ere izan ditugu gure gutxi gorabeherak, baina alde batera uzten saiatzen gara. Beti esan izan dut politikaz lagun artean gustura egin beharko genukeela berba; etorriko da.

Politikara hurbiltzeko une egokia dela esango zenuke?

Esango nuke oraintxe dela gauzak aldatzen hasteko unea eta horixe da hain justu nire buruari egin diodan apustua. Boterearen nolabaiteko gehiegikeria egon dela ikusi dugu; herritarrok ez daukagu parte hartzeko aukerarik. Udalak lagatzen digu iritzia ematen, baina gero ezin izaten dugu erabakirik hartu. Ez daukazu eztabaidatzeko aukerarik eta udal ordezkarien eta herritarren arteko distantzia geroz eta luzeagoa da. Auzo ordezkari gisa ere inpresio bera daukat: esan bai, iritzia jaso ere bai, baina gauzatu ezer gutxi gauzatzen da norberak egindako proposamenetatik. Arazoa aurrekontu parte-hartzaileak ez izatea da. Parte hartzea erabakiak hartzea da eta horretara jo behar dugu. Politika erabakitzailea izan behar da, ezin da ordezkatzailea bakarrik izan.

Udalak politika erabakitzaile hori gauzatzeko erakunde egokiak direla uste duzu?

Hori da euren egitekoa. Hauteskunde emaitzek ez diote inori nahi duen oro egiteko legitimitatea ematen. Ondo kudeatzeko ardura da ematen dizutena emaitzek, baina ez nahi bezala erabakiak hartzeko. Esaterako Gure Esku Dago ekimena ez genuen babestu ez Ezker Anitzak ezta Equok ere, erabakitzeko eskubidearen alde egonagatik ere, politizatu egin dutelako ekimena. Erabakitzeko eskubidea, erabakitzeko ahalmena, auzotik bertatik hasten da, gainerakoa, hipokresian aritzea dela uste dut.

Aholkuak onartzen dituenetakoa zara? Nola definituko zenuke zure burua?

Gauzak begiratzeko modua aldatzen joan naizela esango nuke, auzo ordezkari gisa hasi nintzenetik hona. Denborak ematen dizun perspektibak laguntzen dizu horretan. Orduan tenperamentu handia nuen, erraz berotzen nintzen… gazteagoa nintzen. Gaur egun sentsibilitate denak errespetatzen saiatzen naiz eta horretan Equok asko erakutsi dit. Han hasi nintzenean ere oso zakarra nintzen iritziak ematen, baina ikasi dut langilea izaten segitzen eta indarrak hobeto ardazten. Hala ere, segitzen dut lan eta lan egiten, asko inplikatzen, sinesten dudan proiektuetan.

Horrela jarduteak onetik izango du, baina txarretik ere dezente, ala?

Bai, hustuta geratzen zara hainbeste inplikatzen zarenean. Baina banabil ikasten! Mekolaldeko auzo ordezkari gisa borroka asko egin behar izan dut, ezer gutxi lortzeko, eta horrek frustazio moduko bat ere eragiten dizu. Horregatik diot parte hartzea gauzatzeko, erabakiak hartzeko ahalmena ere izan behar dugula herritarrok.

Lantegian lan, ume biren aita gisa jardun, politikagintzan inplikatu… eta denbora librean zer?

Denbora beti dago, disziplina pixka batekin. Bizikletan ibiltzeko antolatzen naiz eta, familiarekin ahalik eta denbora gehien pasatzeko ere bai. Aukera dagoenean ez dugu kale egiten, Pirinioetara ez bada, hondartzara, baina familian.

Komunikabideak jarraitzen dituzu?

Telebista zalea ez naiz. Bakarrik biziko banintz ez nuke telebistarik izango. Sare sozialekin eta digitalekin moldatzen naiz. Artikulu oso interesgarriak daude bilatzeko astia hartuz gero. Egunkaria tabernan edo aita bisitatzera noanean ikuskatzen dut, baina gehiago ez. Zure oinarriak zeintzuk diren dakizunean sarean topatzen duzu zure gustukoa.

Sare sozialetan aritzen zara, beraz.

Erabiltzaile pasibo gisa, bai. Iritzi emaile oso onak daude eta sare sozialek balio dute artikulu interesgarri horietara heltzeko modua.

Telefonoa ere sarri erabiliko duzu, ala?

Ez, oso diziplinatua naiz horretarako. Egia esateko konturatu nintzen beti horri begira nengoela eta erabaki nuen lanean, esaterako, behin begiratuta nahikoa zela. Whatsappa erabiltzen dut gehiago.

Whatsapp taldeetan ere bazabiltza?

Bai, baditut batzuk, baina batzuetan onartu behar dut ez daukagula batere sentiberatasunik elkarbanatzen diren mezuekin. Behinola seme-alabek jaso zuten bideo batekin jota geratu nintzen: basurde baten eta buldog txakur baten arteko borroka ikusten zen eta nola basurdeak aurretik eramaten zuen txakurra, inpaktu handia eragin zidan, batez ere umeek nola barre egiten zuten ohartzea. Ikaragarria da nora heltzen ari garen!

Eguraldia jarraitzen duzu?

Ez bereziki. Astean behin begiratzen dut bizikleta irteerak antolatu ahal izateko, baina ez besterik.

Ea ba, busti zaitez: ze emaitza izango duzue hauteskundeetan?

Zaila da asmatzea. Lehenengoz aurkezten gara, baina apustu sendoa egiten ari gara, etxeetara boto bidalketa ere egingo dugu lehenengoz! Jendearen arabera, ordezkaritza lortuko dugu, baina ikusteko dago zenbateko indarra batuko dugun.

Fuente: http://goiena.eus/bergara/1429637376912

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos necesarios están marcados *

Puedes usar las siguientes etiquetas y atributos HTML: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>